IZAN ZIRELAKO GARA, GARELAKO IZANGO DIRA
2001. urtean jaio ginen anaia eta biok, gazte, baina ilusioz beterik, etsaiari gure ama hizkuntzaren aurrean zereginik ez zuela erakusteaz harro. Haiztoak ez zuen eta zereginik mingain indartsua moztu nahian. Ez gintuen berehala tristetu arratsalde hartan ari zuen zaparrada latzak.
2002an indartsuago ginen, eta ilusio berarekin atera ginen Urretxuko kaleetan zehar, itzainei kasu eginez, eta karroza astun hari tiraka. Minduta geunden, gure Ama Euskal Herria akabatzen ari ginela ikusiz.
2003an berriz hondamendi ekologiko bategatik haserre, kostaldeak belztuta geneuzkala ekin genion urteroko bidaiari. Baina ekologiak baino gehiago kezkatzen gintuen Egunkariaren itxierak edota Ezker Abertzalearen ilegalizazioak.
2004. urtean berriz heldutasunera iritsi ginen, eta gaur egungo umeei ezartzen dizkiegun printzipioek kezkatuta zeharkatu genuen jendez betetako Urretxuko herria. Bizitzen jarraitzen omen dugu gaur egun ere…
2005ean, uztarritik tiraka generaman zamarekin nekatzen hasita, inguruko politikoei elkarrizketa bidezko irtenbide politiko bat eskatu genien, ilargitik jaitsi eta mahai inguru batean eser zitezela eskatuz. Eskarmentua bagenuen urte hortarako, baina geroz eta astunagoa egiten zitzaigun ilusioz beteriko gurdia apaintzea…
Iritsi zen 2006.a, eta liskar artean aritu ginen gurdiari tiraka urte hartan. Iparragirreren heriotzaren 125. urteurrena zen, baina beste kezka batzuk genituen. Zer jai eredu bultzatzen dugu gaur egun? Harro egongo al litzateke gure herriko seme kuttuna urte hartan antolatu nahi izan zizkigutenekin?
2007an nahiko gurdi ulertezinari tiraka jardun ginen. Nola ulertu daiteke herri batekin horrela jolastea? Gure Nafarroa ez dagoela salgai erakutsi nahi izan genion herriari. Geroz eta gehiago kostatzen zitzaigun hala ere ibilbidea osatzea. Nabarikoa zen adinean aurrera gindoazela…
Iaz berriz hausnarketarako urtea tokatu zitzaigun, gaur egungo karroza eta Euskal Jaiaren inguruan…nolako karrozak nahi ditugu? Ia indarrik gabe bukatu genuen desfilea, Gernikako Arbola plazara pott eginda helduz. Inguruan genituen ilusio eta indar berriz betetako idi gazteak, gu gazteak ginenean geneuzkanak bezelako indar eta ilusioa zutenak.
Aurten berriz guztiz zahartuta gaude, eta gure buruari omenaldi txiki bat egitea erabaki dugu lehen aldiz. Jarri digute azkenekoz uztarria bizkarrean, eta ekin diogu desfileari. Urte asko izan dira inguruko jendearen txalo zaparradak entzunaz, harro, bizkarrean generaman zamagatik. ESKERRIKASKO guztioi. Hala ere asko sufritzen ari gara gurdiari tiraka, eta ez dakit bukaerara heltzea lortuko dugun. Hanketako mina dugu, eta burua ere oso nekatuta. Amore emateko zorian gaude 50. Euskal Jai egun honetan.
Trafiko seinale bat antzeman dugu han aurrean, Gernikako Arbola plazan, eta bizitzan lehen aldiz kasu egingo diogu, STOP. Atsedena behar dugu eta. Betiko atsedena.