Buztangorri Koadrilaren karroza
ZIRIMOLA
Ia mende erdia bete da Urretxuko kaleak karrozen desfileak ikusten hasi zirenetik irailean. Garai hartako egoera politiko eta sozialak bultzatu zuen herria aldarrikapenerako modu berriak asmatzera.
Urte hauetan guztietan gauza asko ikusi ahal izan ditugu gure kaleetan zehar. Karroza desberdinak, bai eduki aldetik, eta baita kalitate aldetik ere. Hor dauzkagu euskal ohiturak gogorarazten zizkiguten karrozak, herriko pertsona famatuak omentzen zituztenak, gure mitologia erakusten zigutenak......
Gero zentsura urteak etorri ziren. Desfile folklorikoak, eta baita kabalgata umoristikoak ere. Aipatzekoa da garai honetan ere herriak festa bizirik mantentzen jarraitzeko erakutsi zituen gogoa eta kemena.
Bukatzeko, gaur egungo Euskal Jaira iritsi gara. Ezin da ukatu gai anitzagoak daudela gazteon sormenean, kezka desberdinak, umorea... Batzuk aipatzearren, hor dauzkagu behi eroak, ekologia, Euroari ongi-etorria, euskara, egunkarien itxiera, festetako giroa, AHT-a, uholdeak, askatasuna, trikitixa, euskal presoak, hondartza nudisten aldarrikapena....
Gai honen inguruan gogoeta baten beharra ikusi dugu. Zergatik sortu ziren karrozak? Zein helbururekin? Zer dira gaur egungo karrozak, zergatik egiten ditugu?
Nolako karrozak egiten ditugu gaur egun? Erreparatzen al dugu kalitatean? Eta gaietan? Mantentzen al dugu hasierako karrozen desfileen arima? Mantentzea nahi al dugu?
Eta batez ere, zer nahi dugu etorkizunean karrozak izatea? Zein bidetatik jo behar dugu datozen urteetan?
BUZTANGORRI